Bi txosnari baimena kentzeko bideari ekin dio Bilboko Udalak

Presoen argazkiak erakutsi zituzten konpartsei txosnak jartzeko baimena kentzeko bidea hasi du Bilboko Udalak. Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei espedientea ireki die, Aste Nagusian jaien arautegia ez errespetatzeagatik, eta zehaztu du espedientea daukaten konpartsek ezingo dutela txosnarik jarri datorren urteko Aste Nagusian. Horrez gain, Udalak gehitu du bi konpartsa horiek erabiltzen zituzten lekuak ezingo dituztela beste konpartsa batzuek bete.

Neurri hori hartzeko, Ertzaintzak egindako txosten batean oinarritu da. Horrek dio "normaltasuna eta elkarbizitza arriskuan jar dezaketen, terrorismoa goraipatzen duten eta pertsonen duintasunaren aurka egiten duten kartelak eta sinboloak" erakutsi dituztela. Udalak dio ezin dela zalantzan jarri bi konpartsa horiek beren txosnak presoen argazkiekin "apaindu" dituztela. Kaskagorriren kasuan, zehaztu du ETAren anagrama zeramaten itsasgarriak zeudela, baita "ETA bietan jarrai" eta "50 urte ezaren gudaz baietza sortuz" zioten idatziak ere.

Udalaren arabera, Ertzaintzaren txostenak beste hiru konpartsa aipatzen ditu, baina, haren ustez, haien aurka ez dago nahiko oinarririk neurriak hartzeko. "Erakutsi dituzten argazkietan ez zen ageri etakide zirenik edo preso zirenik".

Atzo eman zien horren berri Iñaki Aldekoa Bilboko Alkatetzako zuzendariak konpartsei. Hortik aurrera hamar egun izango dituzte iritzia emateko erabakia behin betiko bilakatu baino lehen. Horrez gain, konpartsek bi hilabete izango dituzte helegitea jarri ahal izateko administrazioarekiko auzitegian.

Iturria: Berria