Aste Nagusia 2010: PPk eta PSEk zigorrak nahi dituzte presoen argazkiak zituztenentzat.
PP eta PSE-EE taldeek, presoen argazkiak txosnetan jarri zituzten konpartsei, 2004. urtean Jaien Ordenantzan adostuta dagoen zigorra ezartzeko eskatu dute.
Bi taldeek mozioak aurkeztuko dituzte datorren irailaren 24ko bilkuran. Cristina Ruiz, PPko bozeramaleak adierazi duenez, "aurtengo Aste Nagusian, berriz ere, jai gunea terrorismoa goraipatzen duen kartelez eta sinbologiaz josi dute". Horregatik, bere taldeak Jaietako Ordenantza "gaur egun egiten ez den arren, ondorio guztiekin" aplikatu dezatela eskatu du.
"Txosnetan terrorismoa goraipatzen duten kartelak jarri dituzten konpartsei datorren urteko jaietan txosnak irekitzeko baimenik ez ematea" eskatu dute PPk eta PSEk.
Txema Oleaga PSEko bozeramaleak adierazi duenez, "konpartsek etengabe hautsi dute ordenantzaren araudia", eta Aste Nagusiko gertaera batzuek "guztiok gogoko dugun bake eta lasaitasun klima apurtu" zutela gehitu du, "gainera, kasu batzuetan ondasun publikoei eta pribatuei kalte handiak sortuz".

