Zorrotza hobeagoaren alde. Ostegunean MANIFESTAZIOA

Idazki honen bitartez Zorrotzako auzo mugimendua aspaldidanik salatzen ari den hirigintza zein ingurumen arazorik garrantzitsuenak ezagutarazteko jotzen dugu zuengana, jendartera hedatzen lagun diezaguzuen.

Lehenik, azpimarratu nahi dizuegu FEVEk auzoaren erditik pasatzen diren tren pasaguneak ahalik eta lasterren ezabatu behar direla, trenbidea lurperatuz eta geltokia Zorrotzan utziz. Bigarrenik, A8 autobide gaineko igarobidea da gure beste arreta gunea. Zorrotzako goiko eta beheko aldeak lotzen dituen oinezkoen igarobidearen zaharberritzea eskatzen dugu edo bestela, beste bat ipini, estalia eta igogailuduna, irisgarritasunaren arazoa konpontze aldera. Hirugarrenik, pairatzen dugun ingurugiroaren kalitate eskasarekin nazkatuta gaude zorrotzarrok eta ez dugu onartzen ez onartuko usain higuingarri, aire kutsatu eta zarata desatseginen artean bizi beharra.

Arazo hauen irtenbidea erakunde ezberdinen esku dagoenez, hainbat aldiz jo dugu haien ateetara, hots, FEVE, Sustapen Ministeritza, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Bilbao Ria 2000 erakundeengana.

Tamalez erantzunik jaso dugunean, edo desegokia izan da edo, gehienetan gertatu denez, pilota haien artean elkarri bota diote. Gauzak horrela, Zorrotzako auzo mugimendu honek pauso batzuk ematea erabaki du:

  • Udal talde politiko guztiengana jotzea banan-banan idazki baten bidez, eta horrez gain, kalean erakutsi nahi dugu zeintzuk diren Zorrotzako auzotarron nahiak eta beharrak.
  • Lehengo hitzordua urriaren 16an, arratsaldeko 19:30ean, Azoka Parkean izango da. Auzoko bilera ospatuko dugu eta gero Zorrotzako kaleetatik ibiliko gara manifestazioan.