16.KORRIKA. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira

Mezua

Hizkuntza bat galtzeko arriskuan dagoenean, hizkuntza hori salbatzeko lehenengo baldintza berau dagoen herriak berreskuratu nahi izatea da. Euskararen kasuan, herriak sarri erakutsi du euskara berreskuratu nahi duela. Korrika, hain zuzen ere, borondate horren adierazpen grafikoa da. Baina nahi izatea ez da nahikoa. Gure mezua, gure ongietorria, harago doa. Herritarren borondateari atxikirik, Korrika 16ra etorri ez ezik, Korrikan azaleratuko den nahiari kasu egiteko deia luzatu nahi diegu Euskal Herriko norbanako, erakunde eta administrazio guztiei. Erakunde eta administrazioek euskararen normalizazioa bultzatzea nahi dugu, euskaldunok leku guztietan (lantokian, kalean, etxean,…), euskara erabiltzea nahi dugu, eta euskaldundu nahi dutenek euskara ikastea nahi dugu. Euskarak, Korrikak bezala, pausoa arin eta gelditu gabe egin behar du aurrera, aurreraka ez doana atzeraka hasteko arriskua baitago. Eta horretarako denok parte hartzea derrigorrezkoa da. Korrikan bezala, lekukoa lurrera eror ez dadin, esku guztiak dira beharrezko.

Euskaldunok ongietorria egiten diegu gure herrira, gure etxera, gure artera datozen lagunei. AEK-k berdin egin nahi du Korrika 16rekin: ONGI ETORRI! handi bat luzatu nahi die euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei.

Ongi etorri Korrikara!

Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!

Ongi etorri euskaraz gozatzeko, lan egiteko, maitatzeko, saltzeko eta erosteko, negar egiteko, jolasteko… hautua egin dugunon herrira!

Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon artera!

16.Korrika Bilbon (2009/04/03)

Bilboko Konpartsetako kilometroa San Nikolas elizatik Santa Maria kaleraino izango da. Konpartsak 20:30etan San Nikolas elizaren aurrean geratu dira



Elorrieta: 18:33:23
Deustu: 18:53:26
Euskalduna: 19:06:46
Eliptika Plaza: 19:30:04
Zirkularra: 19:43:10
Begoña: 20:02:01
Santutxu: 20:24:07
Alde Zaharra (Santiago Plaza): 20:51:44
Errekalde: 21:21:31
Aita Donosti: 21:36:47
Zorrotza: 21:53:22
Alonsotegirantz: 22:17:25

16.Korrika Zorrotzan (2009/04/03)

Konpartsako kilometroa Zorrotzako goitiko sarbidetik (hau da, autobide sarreratik) zubi kiribilduraino izango da. 21:00etan Azoka parkean geratu gara guztiok batera igotzeko, Korrikako lekukoa hartzera



Jai Batzordeak beregain hartuko du txosnaren ardura. Horregatik, bere partaideak garenez, dagokigun txanda egingo dugu. Gainera, gure esperientziagatik eta asko izateagatik, txosna muntatu eta desmuntatuko dugu. Gure partehartzea beharrezkoa da honetarako:


Txosna muntaia: 16:30etan
Txosnako txanda 23:30etaik aurrera
Txosna desmuntaia


Euskal Txokoak eta AEKk jai bat antolatu dute eta delako jai horretan parte hartuko dugu, auzoko beste hainbat taldek bezala. Ondoren aipatzen diren ekitaldiak AZOKA plazan egingo dira:



17:30-19:00 Umeentzako jolasak GURE LURRA taldearen eskutik. (Txokolatea eta sari banaketa 18:45-19:00).
19:00-19:30 Dantzak IBAI-ARTE taldearen eskutik.
19:30-21:00 Umeentzako berbena TXIRI-TXORI taldearen eskutik.
22:30-24:00 Kontzertua: HAXOTZ eta EIGEN SYSTEM (Atsedenaldian txorizoa banatu).