Aste Nagusia ez dadila talka politikorako erabil eskatu dute Bilboko Konpartsek.
Bilboko Udaleko ordezkariek eta Bilboko Konpartsek osatzen duten Jai Batzorde Mistoak Sonia Polo Eguzkizaleak konpartsako kidea txupinera gisa izendatzea onartu eta biharamunean, txupinera izango denari babesa emateko agerraldia egin zuten Konpartsek, aurreko urteetan txupinera, pregoilari eta Jai Batzordeko kide izanak diren hainbat ordezkariren babesarekin. Polo txupinera gisa berresten dutela errepikatu dute, eta Aste Nagusia "konfrontazio politikorako" erabiltzeari uzteko eskatu diote PSE-EEri eta PPri. Hain zuzen, bi alderdi horiek Bilboko Udalean dituzten zinegotziak izendapen hori saihesten saiatu dira, Polok neba preso duelako.
Bilboko Konpartsek ez dute ulertzen Aste Nagusiko 31. txupineraren aukeraketan sortu den "iskanbila". 1978. urteaz geroztik, konpartsek proposatu izan dute beti txupinera, txandaka. Proposamena Jai Batzordeak baieztatzen duen arren, konpartsa bakoitzaren esku utzi izan da, beti, hautaketa. Izan da preso egonik txupinera izan denik ere. 1999. urtean, Pa... Ya konpartsako Arantza Garbaiok izan zuen kargu hori. Konpartsakideek hartu zuten haren kartoizko irudia ekitaldi ofizial guztietara eramateko ardura.
2009. urteko txupinera hautatzea Eguzkizaleak talde ekologistari egokitu zaio, eta urte askoan konpartsakide duen Sonia Polo hautatu du. Jai Batzordeak izendapena ofizialki onartu behar zuenean, ordea, liskarrak hasi ziren. Neba preso duela eta, Polok ezin duela txupinera izan esan zuten PPk eta PSE-EEk. Poloren izendapena saihesten saiatu dira bi udal taldeak. Hala ere, Jai Batzordeak onartu egin du Polo txupinera gisa.
Bilboko Konpartsek, "jaien eragile" soila eta Jai Batzorde Mistoko kide direla ohartarazi dute. Horregatik ez dutela, orain arte, "politikarekin zerikusia duen" liskarrari buruz aritu nahi izan. Jai Batzordeak bilera egin arte itxaron duela, "tentsio gehiago ez sortzeko".
Bat egin dute Azkuna alkateak eztabaida sortu zenean egindako adierazpenekin. Txupineraren kontuarekin "sorgin ehiza" abiatzen ari zela esan zuen alkateak, txupinera ezin zela anaia preso izateagatik epaitu, eta eskatu zuen jaia ez dadila erabil Aste Nagusiarekin zerikusirik ez duten bestelako helburuetarako. Horixe eskatu dute konpartsek ere: jaiak ez daitezela helburu politikoetarako erabil. PP eta PSE-EErengana zuzendu dira bereziki, eskaera zehatza egiteko: ez dezatela Jai Batzordea erabil "politikan oinarritutako konfrontazio eta tentsiorako".
Hortaz, Aste Nagusia hasteko hilebete falta den egunean, "denek maite duten Aste Nagusi herritarra eta plurala ez dezala ezerk ilundu" eskatu dute. Jaietan "alaitasun zoroa" nagusi izan dadila beste behin ere.
Bilboko udal talde independentistak ere, Aste Nagusiaren "izaera herritarra eta plurala" defendatzeko deia egin du. Bilboko Konpartsak zoriondu ditu "mehatxu, jazarpen eta xantaien aurrean amore ez emateagatik", eta EAJri, EBri eta bi talde horiek osatzen duten Udal Gobernuari Aste Nagusiaren defentsan "jarrera irmoa" hartzeko eskatu diote. Konpartsak "eta bereziki Sonia Polo pairatzen ari diren neurrigabeko jazarpena eta lintxamendua" salatu ditu.
PPk eta PSEk, berriz, Polo ez dadin txupinera izan neurriak hartzeko eskatzen jarraitu dute. Izendapen horrek Biktimen Legea urratzen duela esan, eta legea betearazteko esan diote alkateari, hautaketa onartzeko azken hitza berak duela ohartarazita.
Bilboko Konpartsen komunikatua (doc)
Fuentes:
Berria: http://paperekoa.berria.info/harian/2009-07-16/008/005/Aste_Nagusia_ez_dadila_talka_politikorako_erabil_eskatu_dute_Bilboko_Konpartsek.htm
Volver

